2021/07/01

Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Elkartasun Sarearekin

Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Elkartasun Sarearekin

Ekainaren 17an izan zen Tokiko Gobernu Batzarrean aho batez onartu zen herriko hainbat boluntariok osatutako elkartearen jarduna diruz laguntzea. Atzo eguerdian elkarte honetan lanean aritu diren ordezkari batzuk udaletxean izan ziren eta Beatriz Unzue alkatearekin batera hitzarmena ofizialki sinatu zuten.

Hitzarmen honen bidez, Udalak 4.000 euroko laguntza emango dio Amasa-Villabonako Elkartasun Sareari, elkarte honek pobrezia egoeran edo bazterketa sozialaren arriskuan dauden herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzen jarrai dezan.

Bolonturio talde batek 2020an, pandemia garai erdian, sortutako elkarte honek, ekimen solidario ugari antolatu eta aurrera eraman ditu azken hilabeteetan: behar larria duten herritarrei eta familiei elikagaiak eta premiazko produktuak banatzeko bilketa herrikoiak, elikagai bankuaren antolaketa eta asteroko elikagai banaketak, arropa, eskolako materiala edota jostailuen bilketak eta banaketak etab. Lan guzti hau udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko teknikariekin elkarlanean garatu dute eta horrela jarraituko da aurrerantzean ere.

Bestalde, Elkartasun sareak "ZU-BI" izeneko dinamika berri bat jarri nahi du martxan, pobrezia egoeran bizi diren haurrek ere, Amasa-Villabonako aisialdi, kirol edo kultur elkarteetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Askotan arrazoi ekonomikoak direla medio, herriko hainbat haurrek ez dute aukerarik izaten aisialdi, kirol edo kultura elkarteetan aritzeko matrikula (eta beste gastu batzuk) ordaintzeko eta horrek haur hauen bazterketa arriskua handitzen du, dinamika solidario berri honekin, egoera horiek gertatzea ekidin nahi da, herriko elkarteekin elkarlanean. 

Harremanetarako

JSN Megazine 2 is designed by JoomlaShine.com | powered by JSN Sun Framework