2021/06/15

Odol emaileei aitortza eta omenaldi ekitaldia

Odol emaileei aitortza eta omenaldi ekitaldia

Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko Oria beheko delegazioak aurten ere ez du emaileak omentzeko ekitaldirik egingo Urria partean, eta, horren ordez, herriz herri omenduko ditu emaileak. Horrela, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Aduna biltzen dituen delegazioak, 25, 40, 50 eta 75 donazio egin dituzten herritarrei oroigarri bana eskaini die, gaur, Udaletxeko batzar aretoan izan den ekitaldian. Oinargi dantza taldeko dantzariak ere aitortza ekitaldian parte hartu dute eta agurra dantzatu diete omenduei.

Guztira 10 lagunek jaso dute odol ateraldi jakin batzuk egiteagatik banatzen duten oroigarria: 25 aldiz odola eman duten zazpi lagunek; 40 aldiz eman duen batek; 50 ateraldi egin dituen beste batek; eta 75 ateraldi egindako beste herritar batek. Guztiek, dagokien koloreko intsignia eta diplomaz gain, Hika Txakolindegiko botila kaxa bat ere jaso dute.

Udalaren esker ona
Beatriz Unzue alkatea eta Arantxa Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia ere bertaratu dira omenaldi ekitaldira. Alkateak esker oneki hitzak izan ditu herriko odol emaileentzat: "Amasa-Villabonako alkate gisa, eta gaur herri osoaren izenean hitz egin dezaket, eskerrak eman nahi dizkizuet urte luzetan odola ematen aritu eta ari zareten guztiei. Odola ematea, bizia ematea da; behar larria duenari laguntzea, elkartasun ekintza ederra eta giza osasunari ekarpen zoragarria. Eta gainera odola ematen urteak eta urteak daramatzazue! kristonak zarete! Gure gizarteak asko zor dizue. Zuen odolari esker pertsona askoren bizitzak salbatu dituzue eta hori harro egotekoa da. Eskerrik asko eta muxu haundi bat guztiei".

Herrian bertan odola emateko aukera, bi hilabetez behin
Hilabete bikoitietako azken ostiraletan Gurea Antzokiko Erakusketa gelan eman daiteke odola, 16:30-20:30 ordutegian, beti ere, aurrez, 943 00 78 88 telefonora deitu eta hitzordua adostuta.

Azken eguneraketa 2021/06/26

Harremanetarako

JSN Megazine 2 is designed by JoomlaShine.com | powered by JSN Sun Framework