2019/12/29

Udalak Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduari kexa gutun bat bidali dio Legarreta zubian egindako prentsaurrekoa dela eta

Nork idatzia:
Baloratu artikulua
(0 botu)

Pasa den abenduaren 26an, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua Amasa-Villabonan izan zen eta Legarretako zubiko obrak amaitu direla iragartzeko agerraldi publiko batean parte hartu zuen. Hainbat komunikabidek agerraldi honen berri eman zuten. Gainera, Aldundiak berak argitaratu eta zabaldu zuen albistea bere komunikazio-kanalen bidez.

Komunikabideen aurreko agerraldi horretan, diputatua bera, Amasa-Villabonako hiru zinegotzirekin batera agertu zen. Zinegotzi horiek Amasa-Villabonako EAJ-PNV kideak ziren, alegia, legealdi honetan oposizioan dagoen talde politiko batekoak. Dirudienez, zinegotzi horiek aldez aurretik prentsa agerraldi horren berri izan zuten. Udalak ordea, ez zuen agerraldi publiko horren inguruko inolako informaziorik izan eta hori ez da ohikoa izaten. Normalean, Foru Aldundiak udalari jakinarazi behar lioke horrelako agerraldi publiko bat egitekoak zirela eta udalaren ordezkari gisa alkateak edo udal gobernu taldeko kideren batek (ere) parte hartu behar luke agerraldian. Baina oraingoan ez da horrela izan eta horrek ezinegona piztu du Amasa-Villabonako udalean.

Horregatik Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamendura bere kexa eta azalpen eskaera bideratzea erabaki du, gutun baten bidez. 

Honakoa da gutunaren edukia:

Amasa-Villabonako Alkatetzaren mezua Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduari:

Pasa den abenduaren 26an, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak agerraldi publiko batean parte hartu zuen Amasa-Villabonako Legarretako zubian.

Komunikabideen aurreko agerraldi horretan, Amasa-Villabonako hiru zinegotzirekin batera agertu zen, zehazki Amasa-Villabonako EAJ-PNV talde politikoko kideak ziren hirurak, alegia, legealdi honetan oposizioan dagoen talde politiko batekoak. Dirudienez, zinegotzi horiek bazuten prentsa agerraldi horren berri.

Amasa-Villabonako udalak eta Alkatetza honek ez zuen agerraldi publiko horren inguruko inolako informazio ofizialik jaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduaren aldetik, ez jakinarazpenik eta ezta gonbidapenik ere.

Udal gobernu taldearen izenean eta alkate gisa, jokabide hori ezegokia iruditzen zaidala adierazten dut. Pentsatzen dut kasu honetan jarraitu den moldeak, erakunde edo instituzio publiko ezberdinen arteko harremanetan egon behar lukeen leialtasuna eta zintzotasuna urratu duela.

Gainera, iruditzen zait jokabide hori ezegokia izateaz gain, helburu alderdikoiak izan direla tartean, zehazki Amasa-Villabonako EAJ-PNV alderdi politikoaren interesek zer ikusia izan dutela afera honetan.
Hau esanda, Amasa-Villabonako udalaren izenean, nire kexa formala adierazi nahi nioke Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduari. Horrekin batera, eskertuko nuke gertatutakoaren inguruko azalpenak jasotzea.

Agur bero bat,

Beatriz Unzue Esnaola, Amasa-Villabonako alkatea.

Irakurri 202 irakurketa Azken eguneraketa 2020/01/08
Villabonako Udala

Amasako herrigunea Villabonakoa baino lehenagokoa da, eta baliteke haren aurretik beste bat Amasakoa baino gorago izatea. Amasako kolazio edo kontzejua 1385ean agertu zen lehen aldiz historian, Tolosarekin bat egiteko aitortutako gutunean, hain zuzen. Villabona 1398ko Gipuzkoako Batzar Orokorretan azaldu zen lehen aldiz herri gisa eta jakin badakigu zein izan zen haren sorburua: Amasako hainbat biztanle behera jaitsi ziren, hau da, Gaztela Frantziarekin -Segura, Tolosa eta Hernanitik pasatuz- lotzen zuen Galtzadan, merkataritzan, eskulangintzan, bidaiarientzako zerbitzuetan eta abarretan aritzeko. Bada beste arrazoi bat jende haiek gerora Villabona izango zen eremuan kokatzeko: alegia, Done Jakue bidean ari ziren erromesentzako atsedenleku bat sortzea. 1480an, Villabonak Amasako auzoa izateari utzi zion. Horren ondorioz, jurisdikzio zibil eta kriminaleko Alkate eta guzti lortu zuen, oraindik Amasak baino askoz ere biztanle gutxiago zituen arren. Egoera honek tirabira eta gatazka handiak sortu zituen bi kontzejuen artean. Hala, urte asko geroago, 1619/20an hain zuzen ere, hiribildu bakarra sortzea erabaki zuten. Egungo Udaletxea 1851.urtekoa da. Aurrekoa nahita erre zuten 1812an, Independentzia Gerran frantziar tropek kuartel modura erabili zutelako.

Harremanetarako

JSN Megazine 2 is designed by JoomlaShine.com | powered by JSN Sun Framework