2019/12/24

Erraustegiaren jardunagatik kezka eta ezinegona adierazi ditu Amasa-Villabonako Udalak

Nork idatzia:
Baloratu artikulua
(0 botu)

Pasa den abenduaren 2an Usurbilgo alkatearen gutuna iritsi zen Amasa-Villabonako udalera, ZUbietan eraiki duten errauste plantaren jardueragatik bere kezka adieraziz eta gure udalak egoera horren aurrean posizionamendu publiko bat har zezan eskatuz.

Amasa-Villabonako udal gobernuak eskaera horri bide ematea erabaki zuen eta gai hau abenduaren 17an izandako udalbatzaren osoko bilkurako gai zerrendan sartzea erabaki zuen. Udal gobernuak Usurtbilgo alkatearen gutunarekin batera mozio bat proiposatu zuen eta mozioa gehiengo osoz onartua izan zen aldeko zazpi boto eta kontrako bostekin. EAJ-PNV eta PSEko ordezkariek mozioaren kontrako jarrera azaldu zuten, Zubietako errauste planta eta bere beharra defendatuz. 

Hemen irakurri dezakezue Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak udalera igorritako gutuna: Eskutitza alkateei Erraustegiaz.

Honakoa da Amasa-Villabonako udalbatzan onartutako Mozioaren edukia:

ZIOA

2019ko abenduaren 3an Amasa-Villabonako alkateak gutun bat jaso zuen Argurtzane Solabarrieta Mesa Usurbilgo alkatearen izenean, Zubietako errauste-planta probaldi fasean martxan jarri dutela eta.
Gutun horretan Usurbilgo alkateak honako eskaera egiten dio Amasa-Villabonako alkateari:

Hauxe da egin nahi dizudan eskaera: Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, karguak ematen digun konplizitateaz, Zubietako errauste-plantaren gaia zure herriko udalbatzarrera eramatea. Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan ematea. Halaber, ostegunean izan genuen udalbatza saioan hartu genuen erabakiaren berri emateko baliatu nahi dut gutun hau: egoerarekin kezkatuta eta larrituta, Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako manifestazioa deitu du eta zuk ere bat egiteko eskatu nahi dizut. Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet.

Kontuan izanda Zubietako Errauste planta Amasa-Villabonako herri gunetik 6-7 kilometrora aurkitzen dela, zentzuzkoa da Usurbilgo alkatearen eskaerari bide ematea eta gai hau udalbatzara eramatea, bertan eztabaidatua izan dadin.

MOZIOA

1. Amasa-Villabonako udalak, kezka eta ezinegona adierazten du Zubietako erraustegiaren jardunaren eraginez herritarren osasunean eta ingurumenean sor daitezkeen kalteengatik.

2. Amasa-Villabonako udalak zalantzan jartzen du Zubietako erraustegia azpiegituraren beharra edo premia. Gipuzkoako gizartea egunez egun erakusten ari da gizarte arduratsua dela eta adibidez Amasa-Villabonan lortu diren birziklatze-tasak Gipuzkoa osora hedatuz gero, ez litzateke errausketa plantaren beharrik izango.

3. Amasa-Villabonako udalak bere elkartasuna adierazten die Zubieta eta Usurbilgo herritarrei, eta bat egiten du Usurbilgo udalak deituta, abenduaren 13an egindako manifestazioaren mezuarekin.

Irakurri 146 irakurketa Azken eguneraketa 2020/01/13
Villabonako Udala

Amasako herrigunea Villabonakoa baino lehenagokoa da, eta baliteke haren aurretik beste bat Amasakoa baino gorago izatea. Amasako kolazio edo kontzejua 1385ean agertu zen lehen aldiz historian, Tolosarekin bat egiteko aitortutako gutunean, hain zuzen. Villabona 1398ko Gipuzkoako Batzar Orokorretan azaldu zen lehen aldiz herri gisa eta jakin badakigu zein izan zen haren sorburua: Amasako hainbat biztanle behera jaitsi ziren, hau da, Gaztela Frantziarekin -Segura, Tolosa eta Hernanitik pasatuz- lotzen zuen Galtzadan, merkataritzan, eskulangintzan, bidaiarientzako zerbitzuetan eta abarretan aritzeko. Bada beste arrazoi bat jende haiek gerora Villabona izango zen eremuan kokatzeko: alegia, Done Jakue bidean ari ziren erromesentzako atsedenleku bat sortzea. 1480an, Villabonak Amasako auzoa izateari utzi zion. Horren ondorioz, jurisdikzio zibil eta kriminaleko Alkate eta guzti lortu zuen, oraindik Amasak baino askoz ere biztanle gutxiago zituen arren. Egoera honek tirabira eta gatazka handiak sortu zituen bi kontzejuen artean. Hala, urte asko geroago, 1619/20an hain zuzen ere, hiribildu bakarra sortzea erabaki zuten. Egungo Udaletxea 1851.urtekoa da. Aurrekoa nahita erre zuten 1812an, Independentzia Gerran frantziar tropek kuartel modura erabili zutelako.

Harremanetarako

JSN Megazine 2 is designed by JoomlaShine.com | powered by JSN Sun Framework